XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Burutz jokatzeko ordua

EZKER abertzalearen adierazpen bideak bahitzea berri ona den ala txarra galdera egiteak harrituko du gure irakurlea.

Alabaina, HBko mahai nazionala atxilotzearen ondotik, presoen hurbilketarik eza ahantzi gabe, sekulako ukaldi gaixtoa da berez Egin eta Egin-irratiaren hestea.

Badugu zerbait ikusirik orain arte ere Españiar inperialisten gandik baina ez ote da hau denetarik harrigarriena?

Gisa guziz, edozein alderditakoa izan dadin, demokrata batek ezin onartuzkoa.

Eta askok diote urrunago ere joan litezkeela... Baina ohartzen ote dira zer den jadanik egunkari bat osoan hetsaraztea, ez bakarrik zuzendaria edo arduradun batzuk inkulpatzea hartaz edo honetaz, ez, enpresa guzia hestea?

Behin eta berriz frogaturik dago hor demokrazia eri handi dugula Españiako erreinuan.

Hitzik ez da aski azkarrik horrelako egitate baten salatzeko eta deitoratzeko.

Aznarrek ez omen du batere gordetzen erabaki horren helburua politikoa dela.

Faxismoak bere aurpegia erakusten du hor eta zer ausartziarekin!

Nahiz frantses demokrazia argituak (?) ere berdin berdina egin zuen Enbata mugimendu guziz legezkoa debekatu zuelarik. Beharrik badituztela Hegoaldean gaur, guk ez bezalako indarrak ihardesteko!

Bistan da ados garela zurekin, Eginen hestea neholaz ere ez daitekeela berri ona izan.

Baina gure bihotz xokoan halako zorion zerbaitek kilikatzen bezala gaitu halere. Zer da bada hau? Gertakari honek, berez ezinago kezkagarria delarik, bere soberakinean-edo sentiarazten diguke zerbait aldatu delakotz hemen, zerbait hautsi dela han.

Bai, dudarik gabe, alderdi abertzaleek, batasunerako bidea hartu dutenean, ihurtzuria lehertu da Madrilgo agintarien eretzean.

Eta, maiz gertatzen den bezala, beren erresumaren murriztea iragarri dezaketen berriak datozenean, gobernariek zokoratzen dituzte beren legeak eta Estatuaren osotasuna salbatu beharrez zernahitarako gai bilakatzen dira.

Gainera, afera horietan inguruko demokraziek, eta iritzigileek berek ere, begiak hesten dituzte, Estatu baten osotasuna zaintzeko edozein jokabide haizu balitz bezala.

Ez igurika beraz laguntza ofizialik, den mendrenik ere, adibidez, Frantzia aldetik, alderantziz baizik.

Horra beraz bakarrik gaudela ama abandonatu batek bakarrik erdi behar lukeenaren pare.

Eta hobe ez hastea bakartasun horren hobendunak nor diren bilatzen, badugu presatuagorik.

Hegoaldean zerbait aldatzen ari zaigu.

Nehoiz aditu ez ditugun solas eta ikuspide zuhurrak plazaratzen dizkigute.

Iduri du kasik beste mundu batean sartu garela! 20 urtez bederen ari izanik elkarren arteko desberdintasunak zorrozten, orain, elkartu egin gaitzaketen bideak aipatzen hasi gara ¡ez da goizegi!

Batzuek doi bat galduak dirudite, zinezko bihurgunea baita hau.

Heldutasun handiz jokatzeko garaia dukegu.

Gure urratsak zintzoki landu eta baturik bideratu behar ditugu.

Iruditzen zaigu nahiko indar badugula demokrazia bidez geure helburak lortzeko.

Elkar adituz gehiengoa eskumenean dukegu. Hemendik goiti gure armarik hoberena dateke gure arteko batasuna.

Beren burua eskuinago edo ezkerrago sentituko dutenak beti izanen bide dira.

Baina aberriari lehentasuna zor diogu. Gure herriak sekulakoak pairatzen ditu aspaldi honetan eta iruditzen zaigu, bestalde, olde berri hau Iparraldetik ere lauzkatu behar genukeela geure ahal guziez : uspel batzuekin baina burua gora eta aske Herria atera dadin etsaiaren ostikoen azpitik.